ZATI BAKARRA

 

 

 

I. AGERRALDIA

 

(Beñat bakarrik)

 

Zurgintegi barnea. Beñat zurgiñaren lan-tokia. Buruz-buru ate aundi bat, goialdiak zabaltzen zaiozkala. Andik mendiak ageri. Ate aintzinetik heldu baita bideska. Ezkerreko aldean leio bat: errekarat ematen duena. Eskuin aldean ateska, baratzerat doana. Zurubil zahar txiki bat ere, Beñat-ek gaira artan baitu bere ganbera. Zurgindegi barnean ageri bitez, onek eskatzen tresna ta puska zahar guziak.

Udazkeneko lehen egunak dira. Uso-sasoina. Argi astea. Barnea hilun. Ordu zahar batek joko ditu bortzak.

Beñat, kantari ateratuko bere ganberatik; eta, emeki emeki, ateko leioak zabalduko ditu. Barnea beteko da goizeko argiz. Atetik behatuz, Beñat-ek erran kantatuko Pastualetan bezala:

 

BEÑAT:

            Hilunaren igesia...

            Nausitzen ari argia

            Larrun mendi gibeletik

            Ageriko iduzkia.

 

(Badoa bere txisparen billa, eta ate ondoan ematen. Berriz leiotik begira)

 

            Usotako ze denbora!

 

(Elizako ezkilek joko dute goiz-otoitza)

 

BEÑAT (erran-kantuz).–

            Eguna eldu, gaua doa...

            Lauda dezagun

            Zoin eder goizian goizik

            Eskila oien mintzoa!

 

(Kanpoan adituko dire xorien kantak)

 

BEÑAT: Ixo! Udaberrian bezala, xoriak kantari...!

 

(Erreka-aldeko leioa idekitzrat doala) (erran-kantuz)

 

            Aberatsek ba lekite

            Goizaldia zoin eder den

            Ez lirake eguerdi arte

            Oge barnean egonen.

 

(Leioa idekiz erranen, kantatu gabe):

 

            Agur ene erreka, ene errekaiño

            Munduan ez da pullitagorik i baiño.

            Egun etzaiz ageri, neguan bezala,

            Oyuka, goibel, hillun, asarre, minbera...

            Menditik eldu aiz gaur jausika, kantari

            Preskura ekartzerat gure etxe zahar oni,

            Sortzen ikusia nauk, iltzen ikusiko,

            Ez bai nauk i bezela munduan betiko...

            Baiñan ene ondotik elduko denari

            Neguan oyuka ta udan kantari

            Emaiok eskola ta beldur ta atsegin

            Etxe zahar untarik urrundu ez dedin.

 

(Kanpoan adituko dire, oillarren goizeko kukurrukuak)

 

BEÑAT: (baratzeko atea zabalduz)

            Jainkoak egun on, ene baratzea

            Atzar adi, usain ta fruituz betea,

            Intzaren ukituz bustia bai zare

            Orain iduzkiak emanen kolore.

 

(Eta hola, bere laneko tresna zaharrak alki gainean pulliki emanez, asiko da gure Beñat lanean kantuz).

 

 

 

II. AGERRALDIA

 

(Beñat eta Kattalin)

 

Kattalin atean ageriko, xoria eskuan duelarik.

 

BEÑAT: (arritua) Ori! Zer duzu zuk emen, tenore hontan?

KATTALIN: Nauzu ikusi? Xoria

BEÑAT: Choria? Nola zaizu etorri?

KATTALIN: Ogerat, lo negoelarik.

BEÑAT: Ori! Ta ze bear duzu emen?

KATTALIN: Kaiola.

BEÑAT: Bai, Ezpaitut bertze lanik. Errotuko nauzute zuek, denen artean. (Gero gogoketan). Zaude. Ez ote nuen nik, zoko batean, kaiola zahar bat...

KATTALIN: Berdin du, zaharra izanik ere.

BEÑAT: Baiñan, ezpaitut nik zozokerietako astirik. Bon, beartua ez ba zare, jarri or eta egon, nik nere lanak pittat arindu arte.

 

(Neskatxa geldituko da, xoria eskuan, leiotik begira. Eta gure zurgina, beti alai, lotuko berriz lanari).

 

BEÑAT: (erran kantuz)

            Oyaneko egurrakin

            Oge bat bear dut egin,

            Oletako neskatxa bat

            Senpere'n amatu dedin.

            Ezkon berrien ogea

            Bizitzaren berritzea

            Yainkoak nahi, oge berri au

            Nere eskutarik sortzea.

KATTALIN (Oyuka).– «Dies Ire» dator.

BEÑAT: Dies Ire? Nun?

            Gaixo «Dies Ire» herriko Xantria.

            Elizan kantari pasatzen bizia,

            Paisola besoan ta beltzez jantzia

            Itxuran ageri du tripako gosia

 

 

 

III. AGERRALDIA

 

Dies Ire, Beñat eta Kattalin

 

DIES IRE: (Atetik. «Lauda Sion» airean): Emen duzu Dies Ire.

BEÑAT: Aren serbitzako gire.

DIES IRE: Nun da nire kadira?

BEÑAT:

            Zangoa zuen okerra

            Arrimatzen aitu gera.

            Sar zaite sar, ta jarri

            Dies Ire jaun Xantria.

DIES IRE: Dena soiñu ta gosia

BEÑAT: Gizon argi prestua

DIES IRE: («Dies Irae dies illa» aireakin):

            Ni naiz erriko Xantria

            Argatik nauzute beltzez jantzia!

            Dena soiñu ta gosia.

            Izena daudate emana Dies Ire

            Hilek ez naute izitzen

            Biziengatik negoke gosiak iltzen

            Hilek ematen bizitzen.

BEÑAT: (Dies Ire airearen segidan): Emen duzu kadira, zango berria emanik arrimatua.

DIES IRE: Jarri gaitez emeki, kadira berri ontan ez bai nauzu oitua.

BEÑAT: Ian...

 

(«Dies Ire» jarriko da, Beñat-ek ekarri dion kadiran; zurgin-alki gibelean. Aren gain eskuak emanik, organua balu bezela, eginen du soiñu-jo, alegia. Beñat-ek, xantriaren ondoan emana, pasako diozka orri-aldiak, muxika-liburua zudur aintzineon ba lu bezela. Bi abozetan abestuko dute, organuari dagokion aireen bat. Artean Kattalin, xoria eskuetan duelarik, asiko da dantzan).

 

BEÑAT: (astiko airean) Kadira ongi ba duzu, mutikoakin etxerat igorriko dautzut.

DIES IRE: Aski zenuke lehenik erraitea zenbat zor dauzut.

BEÑAT: Deus ez.

DIES IRE: (Hilen mezako «Kirie» aireakin):

            Gaixo zurgin zaharra

            Gizon pobria zare zu.

BEÑAT:

            Gaixo iaun xantria

            Gizon alegera nauzu.

DIES IRE:

            Tori. Naiz-ta gauza gutxi izaki

            Nere eskutarik ar zazu (ematen dio zerbeit).

 

(Elizako ezkilak adituko bai dire)

 

DIES IRE (aintzineko airean).– Ezkillak jotzen ari, meza bear kantatu eta ba noa.

BEÑAT: Artuko duzu joan baino lehen esne xorta bat bero beroa.

DIES IRE: Berdin.

 

(Dies Ire jarriko da zoko batean, mahain zahar baten gibelean. Mahain artan eskuak emanik abestuko ditu bere geroko kantak).

 

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Beñat, Dies Ire, Kattalin, Gero, Sankristaua eta Andre Serora.

 

BEÑAT: (Kattalin-i) A! Orain zure txanda. Banoa kaiolaren bila. Ona emen. Zaharra da, bainan antolatuko dugu nolabait.

 

(Beñat asiko da, kaiola zahar ua pixkat arrimatzen. Bitartean, Dies Ire ta Beñat lotuko dire kantuz. Besperetako airean)

 

DIES IRE:

            Gose ta baru heldu ninduzun

            Orain asea noa

            Gure Jainkoak ordain deitzula

            Katillu esne beroa.

BEÑAT:

            Zure ezpainetarik egun ta gauaz

            Gure otoitza doa

            Zure eskuetarik egazten zaiku

            Herriaren gogoa.

DIES IRE:

            Gure elizan goizian goizik

            Kantari nagoela

            Yainkoa bera ogiz jantzirik

            Eltzen zait aditzera.

BEÑAT:

            Eta ni ere goizian goizik

            Lotzen bai naiz lanari

            Maillu soinuakin egiten diot

            Otoitza Jainkoari.

(Gero Kattalin-i, erranez)

            Emen duzu kaiola xoriarendako,

            Naiko aundi litake ba litz neretako

            Mundua izanik ere zabala ta aundia

            Huna nere sorleku ta bizi-tokia.

 

(Kattalin-ek emanen du xoria kaiolan. Gero kantuz)

 

KATTALIN:

            Ago emen gaixo xoria

            Niganat egaz etorria

            Egon adin nikin ol-ola

            Zurginak egina kaiola.

            Gaixo xoria

            Zeruak jantzia

            Dena zare dantza, kantu

            Ta koloria

            Txi-ru-li-ru-li-ru-li, txi-ru-li-ru-li-ru-li

            Zu zare oyanetako xantria.

 

(Beñat-ek ere kantatuko du gero gauza bera; neskatxa kaiola eskuan, dantzan ari delarik. Dies Ire-k lagunduko ditu organuan. Bat-batez, sartzen da Pettan sankristaua, giltze aundi batzu eskuti zintzillik. Zaharra, gohorra eta maingua da).

 

SANKRISTAUA:

            Zer ari zaizte bola, soiñu ta espantu?

            Goizik asiak zaizte dantza eta kantu...

BEÑAT: Nola zare Pettan gure sankristaua?

SANKRISTAUA: Zahar, gohor, itxu, oker ta maingua. (Dies Ire-ri begira) Ques quil fe se couyon? Ez da Dies Ire? Ezautzen diat bai, bon paréssé quil e...

(Arengana joanda)

            Hola bizi bear aiz, goizeti kantari.

            Eskuak pianuan, xi-ru-li xi-ru-li?

            Nigandik bear uken artu exenplua

(zurginari)

Souassant an que ché trabaill a l'egliss, gaixua.

            Jaun erretora eri ta xantria alfer,

            Gai-xo gu-re-e-li-za ni ez ba ne-go e-men.

BEÑAT:

            Etzaiteztela xamur, elizako gizon,

            Zato hunat Pettan, yarri emen t'egon.

SANKRISTAUA: Ari da beti kantuz?

BEÑAT: Ez. Ixilik zaizu.

SANKRISTAUA: Gizon xoroagorik munduan ez duzu.

BEÑAT:

            Ez da xoroa Pettan. Da... muxikaria

            Hargatik ametsetan pasatzen bizia.

SANKRISTAUA:

            Bai, zu ere, gaixoa, zare naiko xoro

            Kantari artzen baituzu munduko gauza oro.

DIES IRE: (Eskuak organuan, gogoa bertze nonbaiten, «Santa Ageda» aireetan):

            Apez mutila ninduten

            Latinez naute azia

            Neskentzat apeza izaki

            Ta apezendako mutila.

BEÑAT:

            Apez mutila zinduten

            Latinez zaute azia

            Neskentzat apeza izaki

            Ta apezendako mutila.

SANKRISTAUA:

            Atzo enderramendua nuen

            Eta egun batayua

            Ikaratu gabe segitzen dut

            Munduko mobimendua.

BEÑAT:

            Atzo enderramendua zuen

            Eta egun batayua

            Ikaratu gabe segitzen du

            Munduko mobimendua.

SANKRISTAUA:

            Elizan ditut begiratzeko

            Berrehun t'ogoi kadira.

            Ezautzen ditut... mendiko artzainak

            Bere ardiak bezala.

BEÑAT:

            Ezautzen ditu mendiko artzainak

            Bere ardiak bezala.

 

(Turuta batek joko du eskualdun aire bitxi bat. Aren neurrian sartuko da –erdi-ibil, erdi-dantza– andre Serora. Beltzez jantzirik, itxura bitxi ta arpegi samiña dakar. Ua ikusiz, izituak dire gure bi eliz-gizonak. Andre Serora ibilki delarik, turutak joko dio beti, lehengo soiñu bera. Aire horren segidan kantatuko ditu Serorak geroko bere bertsoak.)

 

ANDRE SERORA: (arpegi idorrakin). Eliz-gizonak xurrutian eta kantuz?

SANKRISTAUA: Nor da hor?

BEÑAT: Andre Serora.

SANKRISTAUA: Urdea! Ongi gaituk oraintxe.

ANDRE SERORA: (Dies Ire-gana joanda. Hau arritua dago. Belarrirat egiten dio kantu)

            Elizan bear eta, kanpoan ibilli

            Funtxa gabeko gizon tristia ta zirtzilli

(Gero Sankristaua-ri)

            Eskuan arnoa ta gakoak zintzilik...

            Zoazi elizarat zuzen eta ixillik.

 

(Andre Serora badoa, beti ibil-dantzan)

 

BEÑAT: (Sankristaua-ri) Uy uy...!!

SANKRISTAUA: Ba. Horrengatik izitu? Bon, gaki naiz. Tenoria etorri bai zaut.

BEÑAT: Tenoria edo...

SANKRISTAUA: Ba! Emaztekieri beldur? Ez ni beti... E-maz-te-ki-a...? Il fo fér for a lé fam, for. Tenoria heldu bai zaut... artako gaki naiz. Ber-tze-la...? (Atetik) A le fam? For il fo lé fé, for...!

 

(Badoa dardaraz, andre Serorari beldur).

 

DIES IRE: (jaikia da, hiluri eta gizonki. Bera eta Beñat, biak kantuz): Nere mixeria!

BEÑAT: Agur jaun xantria.

DIES IRE:

            Elizan ere, mutxurdin zahar bat

            Da nere nausia.

BEÑAT:

            Etzaitela kexa, muxikarekin

            Ahantziko baituzu zure bihotz min

DIES IRE:

            Ze pazientzia!

BEÑAT:

            Agur jaun xantria

            Hilunari bear zako gogor egin.

DIES IRE:

            Ze itxura neria!

BEÑAT:

            Agur jaun xantria

            Zoazela pulliki Jainkoakin...

 

(Beñat gelditua da baharrik, ixil eta irriparrez. Xorien kantak aditzen ditu kanpoan. Asia da berriz lanean, kantari. Eta hola, emeki-emeki, oyalak etxiko).

 

Euzko-Gogoa, 1956ko orrila-garagarrila